2007/11/28

34. asteko eguastena

MARIA LUISA URREJOLAren
HILETETAN


HOMILIA

Senideok: Maria Luisa zanaren aldeko otoitza Jainkoari zuzentzerakoan hausnarketatxo bat ere egin geike haren inguruan, batez ere Jainkoak berba egin deuskulako.

Batek baino gehiagok esaten dau gaur egun berari ez deutsola lebarik behin hil ondoren bere gorpuaz zer egiten daben. Baina hildakoa bere bizitzaldian maitea izan bada, haren etxekoei bai badeutsela lebarik zer esanagaitik baino ez bada ere. Baina baita senitartekoei, lagunei, eta abar; herri maila baten, etxekoak, lagunak eta ezagunak zelan-ha­lan­go ohikune edo erritoaz despeditzen direlako.

Gure egunotan bakotxak bere bizimodua egin gura izan arren, Jainkoak alkarregazko bizitzara eta alkar maitasunera deitzen deuskulako, hortxe barruan daroagu dei hori... Eta zein gauza ederra dan hildakoaren ingurukoei gure samin-agurrak adieraztea, haren aldeko otoitzean alkartzea, eta horrela norbere sinismena indartuta eta hartu-emonak gozotuta aurkitzea...

Liturgia urtearen azken egunetan gagoz, eta entzun doguzan irakurgaiak amaiera edo epaiari begira dagozela esan geike. Epai horretan, ona saritua eta gaiztoak bere gaiztakerien zorra ordaindu beharra izango dauala uste da. Baina hori gaingiroz baino begiratzen ez badogu ikusiko dogu. Irakurgaietara sinismenez eta otoitz giroan hurreratu ezkero, besterik ere aurkituko dogu.

Lehenengo irakurgaian agertzen dan fikziozko Baltasar erre­gearen harrokeria eta nagusikeria, geure artean ere ez ete doguz ikusten, senideok? Judeguak iraintzearren, hareen tenpluko edontzi sakratuak edozelan darabiz erregeak; eta hori dala-ta, ordaindu beharra izango dauala dinotso Danielek pisurik emoten ez daualako: txori-buru lez jokatzen dau.

Jokabide hori ulertzeko arrazoiak jarri deuskuz idazleak: itxurazko eta guzurrezko jainkoak gurtzen dauz, eta benetakoa iraindu; mozkortu egiten da eta ardura barik bizi da... Benetako Jainkoak beste bizikera batera garoaz: esker onezko eta alkar maitasunezkora.

Aintzat hartu daiguzan berbok: zenbat eta arinagoak, hutsagoak, pisugabeagoak garan, huskerietan murgilduta gagozan, hainbat eta amorru handiagoz irainduko doguz, ez bakarrik gure ingurukoak, Jainkoa bera ere bai baino. Eta zenbat holango ikusten eta entzuten dogun egunotan!; eta gero eta gehiago, ezta?

Badinosku ebanjelioan Jesusek bere jarraitzaileak aurrean erabiliak izango dirala; eta iraupenak emongo deutsela bizia. Eta gaur egun, senideok, gero eta gatxago egiten jaku Jesusen jarraitzaile izatea...

Senideok: heriotza baten aurrean txantxeta gitxi egin daiteke; isiltasun eta hausnarketa giroa izaten da nagusi. Sinismenean senide izan dogun Maria Luisa zanaren Aitaganatzea ospatzeko alkartu garenok, hartu daiguzan gogoan entzundako berbok, eta hausnartu daiguzan gure barruan, bizitzaratuz.

Aurkeztu deiogun Jainko Aitari Mª Luisaren  bizitza osoa, esker onez. Eta hartu daigun asmo sendoa besteak iraintzen eta zapaltzen barik, besteei zerbitzen eta besteen izen ona goraltzen bizi izango garela. Aldendu gaitezan irain guztitik, egin gaitezan alkarren zerbitzari, eta gogoztu daigun gure asmo hau zeru-lurren Jainkoa geure Jaun autortuz.

 

No hay comentarios: