IRENEren hiletetan
Jk 2, 23—3, 9
Sal 33
Lk 17, 7-10
HOMILIA
Senideok: kristau ohitureari jarraituz gura dogunean gure hilak Jainkoaren esku itzi, Jesukristoren Nekaldiak, haren heriotzeak eta Jainko Aitak ha bizteak inguratzen gaitu bizitza eta heriotzearen misterioan. Liturgiak laguntzen deusku gizakiaren misterio handi horretan barru murgiltzen. Eta hau uste onez egiten dogunean, Jainkoaren argitasunaz argituta eta itxaropenean indarturik agertzen gara. Hauxe izan dakigula, ba, Ireneren gorpuaren inguruan otoitzerako alkartu garan guztiontzat.
Itxaropenez beteriko hitzak entzun doguz lehenengo irakurgaian: Jainkoak betiraunerako sortu dau gizakia. Eta argitasun apur bat ere emon deusku gure arteko tira-birak eta makaltasunetiko mina eta penea, atsekabea, ulertzeko: Deabruaren bekaizkeriaz sartu da heriotzea munduan esan deuskunean.
Hortxe mutur bion artean garatuko da, ba, gure eguneroko bizitza: pozez eta zorionez jantziko dan bizitza; baina negarrik, minik eta atsekabe barik izango ez dana. Ez da egia, ba, sufritzeko jaio garana, edo heriotzarako. Jainkoagan sinisten dogunok badakigu bizitzarako, betiraunerako jaio garana, heriotzatik igaro beharra badaukagu ere.
Hauxe da autortzen doguna: bizitzarako sortuak izan garala; bizitza beterako. Batzuk, horraitino, ez dabe sinisten, eta barre egiten deutsoe hori sinistuz bizi izateari. Beste batzuk, bildurrez-edo, betiko bizitza hori euren ahaleginez lortu gura dabe.
Lehenengo irakurgaiarentzat zoroak dira hareik. Eta ebanjelioan Jesusek honeik bigarrenak argitu gura dauz, morroi ezerezak garala dinoskunean: egin behar doguna baino ez dogula egin uste izan daigula, morroien antzera, dinoskunean.
Bai, ba! Jesusentzat, Jainko Aitagan uste on (edo konfiantza) osoa jarrita daukan Jesusentzat, bai jaiotza, bai bizitzaldia eta baita betirauneko zoriona ere Jainkoaren maitasunaren eta errukiaren erregalo dira, eta ez gure ahalegin eta eginkizunen lorpen.
Hau argi daukanak ez deutse bere ahaleginari eta egintzei ezelango baliorik emoten; esker onez bizi izango da, dana Jainkoagandik itxaroten, eta haren ontasuna eta ondasun guztiak eskertzen, horri dagokion erako bizitza bat garatuz.
Hauxe da salmoan agertu doguna. Holangoei zintzoak deitzen jake, eta honeik betiraunean goratuko dabe Jainkoa. Eskatu daigun euren artean izan daitela gaurtik gure senide Irene ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario