Dn 7, 9-10.13ss
2Pe 1, 16-19
Lk 9, 28b-36
HOMILIA
Senideok: hildako gure senideen inguruan alkartzen garanean, bizikizun edo esperientzia sakonak bizi izan geikez gure barruan, isiltasunean murgiltzen jakin ezkero. Gehienetan ez dogu holangorik egiten eta azaleko eta huskeriazko esalditxoetan gelditzen gara, holangoak-eta esanez: egon dan lez egotekotan, hobeto dago orain, atseden hartuko dau-ta, edo antzeko esaldiak.
Baina heriotzeak eroaten deuskuna maite-maitea izan badogu, gure barrua saminez geratzen da, estu, larri eta negarretan; eta, sinistuna izanik, otoitzera joten da, behin baino gehiagotan garrasika, Jainkoaren erantzun eta kontsolamendu bila.
Gauza ederra da, senideok, gure hildakoen inguruan alkartu eta honei azken agurra emotea. Eta ekintza hau sinismenetik egiten dogunok, badogu Jainkoaren kontsolamendurik aurkitzen Jesukristoren bizitzea eta haren hitzak-eta gogoratuz.
Gaurko Liturgiak, Jesusen antzaldatzea ospatzera eta geuretzera egiten deusku dei, eta laguntzen deusku antzaldatze horren esanguraz jabetzen.
Jesusek Tabor mendira igoten dau: bere eguneroko ingurutik urten egiten dau, ba, eta Jainkoagandik hurrago jarten dala esan gura deusku igote horrek.
Eta otoitzean jarten da. Zelango otoitza Jesusena! Aurrean ikusten dau zer jatorkon (nekaldia eta heriotzea), eta Jainkoaren esku jarri gura dau, harengan jarriz bere uste on osoa.
Otoitz horretan badau erantzunik: Antxinako exodo edo urteerako autorleak agertzen jakoz, laster Jesusek berak jasan behar izango dauan exodo edo nekaldi-heriotz-Jainkoaganatzea aintzazkoa izango jakola autortzen.
Otoitzak adorea emongo deutso Jesusi. Pedrok-eta ez dabe ulertuko, bildurrak iruntsita dagoz-eta. Baina esperientzia ha barru-barruan sartu jaken, eta haren barri emoile bihurtuko dira euren apostolutzan. Entzun deutsogu Pedrori 2. irakurgaian: sinismenaren testigantzan ez dabela euren esperientzia besterik erabilten.
Senideok, ba: hildako gure senide Jose eta Jose Luisen inguruan egiten dogun otoitzak eta hausnarketeak izan daiela entzun dogun berbearen laguntza. Eroan gaizala, lehenengo ta behin, Jainkoagan uste on izatera: bizitza honetatik urteteak Jainkoaren altzoko betiko bizitzara garoazela.
Eta horren pozean eta argitasunean bizi izan gura badogu, egin daigun barru-isiltasuna, aldendu gaitezan, noizbehinka, inguratzen gaituen zaratetatik, jar gaitezan otoitzean, eta emon deioguzan eskerrak Jainkoari gure bizitzak bere aintzan daualako amaierea. Eta ahalegindu gaitezan horren lekuko (edo testigu) izaten: apostolu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario