2007/08/09

18.eguena, URTEAN ZEHAR

HOMILIA

Juan Joseren HILETETAN

Zb 20, 1-13
Mt 16, 13-23

 

Senideok: hildako gure senideen inguruan alkartzen garanean, bizikizun edo esperientzia sakonak bizi izan geikez gure barruan, isiltasunean murgiltzen jakin ezkero. Gehienetan ez dogu holangorik egiten eta azaleko eta huskeriazko esalditxoetan gelditzen gara, holangoak-eta esanez: egon dan lez egotekotan, hobeto dago orain, atseden hartuko dau-ta, edo antzeko esaldiak.

Baina heriotzeak eroaten deuskuna maite-maitea izan badogu, gure barrua saminez geratzen da, estu, larri eta negarretan; eta, sinistuna izanik, otoitzera joten da, behin baino gehiagotan garrasika, Jainkoaren erantzun eta kontsolamendu bila.

Gauza ederra da, senideok, gure hildakoen inguruan alkartu eta honei azken agurra emotea. Eta ekintza hau sinismenetik egiten dogunok, badogu Jainkoaren kontsolamendurik aurkitzen Jesukristoren bizitzea eta haren hitzak-eta gogoratuz.

Hausnartu daiguzan, ba, gaurko irakurgaiak argitasun eske, Jainkoaren kontsolamendu eske. Aurkituko dogu argitasunik eta kontsolamendurik gure bizitzak arakatzen eta ikutzen izten badeutsogu, eta Jainkoagana bihurtzeko gogorik badogu.

Lehenengo irakurgaiak, Jainkoak askatasunera daroan herriaren mormoxetak eta usterik eza salatzen dauz; baita harek dauzkazan gidariak ere (Moises eta Aaron). Badau usterik Jainkoak bere herriagan; baina honek biraoz erantzuten deutso oztoporik txikienean. Geure artean ere zenbat holango, ezta? 

Egoera bardin edo antzekoa aurkitzen dogu ebanjelioan ere: Jesusek bere uste on osoa jarri dau, hain bulartsu erantzuten deutson Pedrogan: harkaitz izena emoten deutso eta zeru-lurren agintea (giltzak). Baina, une berean, bere heriotzeaz hitz egiten dauanean, Pedrok bere agintea zalantzatan ikusten dau, antza, eta, Jesus bere eginkizunetik desbideratu gura daualako, berba gogorrak entzun behar dauz: kendu nire aurretik, Satanas! 

Senideok: sinismenak, Jesukristoren bitartez, Jainkoagan uste on (edo konfiantza) osoa jartera garoaz. Uste on hori haren berbea entzutean eta haren Semearen misterioak senideekaz ospatzean indartzen da.

Uste on hori dala-ta, Jainkoak gure atsegintxoak beteko dauzela, edo gure bizitzan aurkitu geikezan oztopoak leunduko deuskuzala uste badogu, onak gagoz! Paretik kenduak izango gara!

Gure bizitzan zehar, Israel herriak eremuan zehar lez, hainbat oztopo aurkituko doguz. Izan bihotz eta uste on Jainkoagan! Ez gaitu hondatu gura, hutsik barik egongo da geure ondoan gure atseskabe unean, adore emoten, laguntza eskeintzen... harik eta beragana heldu arte, gaur gure anaia I. eroan dauan lez.

Jainkoari lepo emotetik jatorkun hondamena ez jasateko, jo daigun sarri haren berbea entzun eta hausnartzera; eta haren Semearen misterioak ospatzera, bere erregalu dogun bizitzea bere gogora beteten ahalegintzeko. Egun baten, gaur gure anaia I.-rena beteten dauan lez beteko dau-ta gutariko bakotxarena ere. Izan gakiozan esker oneko eta sentitu daigun geure ondoan, batez ere gure atsekabe-uneetan.




No hay comentarios: