2007/02/19

ANTONIren HILETETAN

Urtean zeharreko VII. martitzena

Eclo 2, 1-13
Sal 13
Mk 9, 9-37

HOMILIA

Senideok: zein sakon ikutzen dauan heriotzeak gure bizitzea! Isilunea sortuazoten dau gure barruan eta hausnarketara garoaz. Hauxe da, senideok, Jainkoagaz hitz egiteko une aproposa; ez daigun alperrik galdu.

Ez dakigu Jainkoagana hurreratzen, ezta? Ez dakigu zertara hurreratu behar dogun, ezta? Uste dogu mundu honetarako ez daukagula Jainkoaren beharrizanik, ezta? Ze jainko-irudi ete darabilgu gure barruan, senideok!

Laguntza dogu Jainkoa, ala enbarazu? Bizitzarako, eguneroko gure jardunerako, behar dogu Jainkoa, ala gure ezinetarako, eta gerorako edo hil ondorenerako behar dogu Jainkoa? Gatx egiten jaku, senideok, Jainkoagaz bizi izatea. Baina bera barik ezina da!

Jainkoa ezagutzen ez badogu, entzun-gor edo ez-ikusi egiten badeutsogu, ezjakinean bizi izango gara, eta Jainkoak geuk gura doguna gura izango dauala uste izango dogu. I.-ren inguruan alkartu garanok haren alde otoitz egiteko, haren bizitza osoa Jainkoari eskintzeko eta eskertzeko, eta Jainkoaren berbea entzuteko aukerea izan dogunok, hausnartu daigun berba hori unetxo baten.

Lehenengo irakurgaitik zera ulertu geike, senideok: Jainkoa baztertuta daukagula, eta harengana hurreratzeak zintzaldian edo tentaldian jarten gaitula. Bai, ba! Jainkoagana, berak gutaz zer gura dauan jakitera, entzutera, hurreratzen gara, ala gure ezinak berak atara daizan eskatzera? Tentaldi handia dogu, senideok, guzurrezko, geuri komeni jakun, Jainkoagana hurreratzea.

Benetako Jainkoak bere maitasuna eta guganako erruki paregabea erakutsiko deuskuz, eta neurriko errukiz eta maitasunez erantzuteko eskatuko deusku. Gertu gagoz horretarako? Berak eskatuko deuskun maitasunez erantzun gura deutsogu?

Begira zer entzun dogun ebanjelioan: Jesusek bere ikasleak ikasiak egon daitezela gura dau, eta bere bizitzako une garrantzitsu eta sakonak azaldu gura deutsez; baina ikasleek ez deutsoe ulertzen, eta galdetzen ere ez jakoz ausartzen. Non dago hareen burua? Zertaz pentsatzen eta eztabaidatzen dihardue? Ez, behintzat, Jesusek azaltzen deutsenetaz!

Zenbat bider ez ete jakun jazoko guri, senideok, horixe berori! Jainkoagazko hartu-emonetan ezer ikasi behar dogunik pentsatu ere ez dogu egiten; hori hortxe bazterrean daukagun gauzea da. Eta gure sinismena, eta Jainkoagazko gure hartu-emonak ume-umetakoak izaten dira gehienetan.

Jesusek bere ikasleei Jerusalenera igotearen esangurea azaldu gura deutse. Han, giza-aintza barik, Jesusek agintarien eskutiko heriotza-zigorra jasan behar izango dau... Hau da: Jainkoaren esanetara egotea eta bizi izatea ez da gauza erreza; Jainkoak ez deusku apurtxo bat ere erreztuko bizikerea; behin eta barriro egon behar izango dogu probetan, zintzaldian; eta erantzuteko adorea, jakintza eta eskuzabaltasuna behar izango doguz...

Holangoa da gure bihotzean eta buruan darabilgun Jainkoa? Bere esanetara jarteak zilegiko gauza askori uko egitera eroango gaituna, eta beste guztiek baztertzen dabenen alde urten behar izango dogula dinoskuna?

Ez daigun uste izan Jesusen Jainkoa konplikazino bako bizitzea gura dabenentzakoa danik. Jesusen Jainkoa ez da eroso (edo komodo) bizi izan gura dauanarentzako; edo nahikoa egin dala eta bizi izan ere egin behar dala uste dabenentzako. Ama batek ez dau holangorik inoiz pentsatzen. Maite dauanak ere ez. Bere bizitzea zerbitzuan, besteen onerako, eralgiten dauanak ere ez. Holangoen bizitzan aurkitzen dogu Jainkoaren benetako indarra. Eta holangoak edonork aintzaltzen eta goraltzen dauz, Jesus ere edonork aintzaltzen eta goraltzen dauan lez.

Baina Jerusalenera igotea gogorra da; Jainkoaren esanetara bizi izatea gogorra da. Baina, ba ete dago kostatzen ez dan, edo errez-erreza dan gauza onik?

Gaur I.-ren bizitza bere betetasunean hartzen dauan Jainkoari eskatu deiogun esker onez erantzuten jakin deiogula, eta gure zerbitzu apal eta alaian besteek ere esku hartu daiela, bere aintzarako.

 

No hay comentarios: