HOMILIA
Jo 3, 1-10
Lk 11, 29-32
Senideok: gure arteko bat hilten danean gauzarik normalen lez ikusten dogu hildakoa elizara ekartea eta elizatik emotea gure azken agurra. Behar bada, ohitureari jarraituz egiten doguz holango gauzak, eta ez deutsegu garrantzi ez handi ez txikirik emoten: holantxe dala-ta jokatzen dogu. Ez horrela jaiotza unean. Lehenago, gauza normalena, jaio-barria bateatzea bazan, gaur egun familia askotan (eta gero eta gehiagotan) gora-beherak izaten dira.
Badinoskue gure Gotzainek Garizuma-Pazkoarako idatzi deuskuen Pastoralean: «Bikote sinistedun eta praktikatzaile asko ez da euren seme-alabei sinismena transmititzeko gauza eta, ondorioz, gero eta gazteago dirala izten dabe alde batera fedea, baliorik ikusten ez deutsoelako».
Eta, begira: Garizuman zehar elizan entzungo dogun berbea bihozbarritzerako deia da. Lehengo aldietan gehiagotan joten bagendun elizara Garizuma aldian, gaur egun elizkizunak baztertuta-edo daukaguzanez, ez dogu entzuten dei hori eta inguruak iruntsita bizi gara. Noizbehinka, horraitino, senide edo lagunen baten heriotzeak ikututa-edo, bai joten dogula elizkizunera. Eta orduan behintzat, badaukagu Jainkoaren hitzean bere deia entzuteko aukerea: ez ete dogu aprobetxatuko, ba? Alperrik galduko ete dogu, ba?
Iragarri dogun lehenengo irakurgaiak iruditu deusku nahiko ondo ze egoeratan egon geintekezan, eta ebanjelioan, Jesusek aurkitzen dauan hoztasunak zeozelango antza dauka gure egunetakoagaz. Hausnartu daigun unetxo baten, Jainkoagaz esker oneko agertu gura dogunok.
Denpora gitxian txirotasunetik eta giza-duintasunetik (esan-beharra dago, senideok!) aberastasunera, edo, gitxienez, ondo bizi izatera, eta besterenik ezer ez behar izatera igaro gara. Eta, berez-berez, Jainkoagandik ere ezer ez behar izatera; eta hori dala-ta, otoitzaldiak eta elizkizunak-eta bertan behera iztera, eta Jainkoaren izena nahinon eta noiznahi zikintzera heldu gara.
Entzun daigun, senideok, Jonasek Ninibe uri handian bihozbarritzerako egiten dauan dei apala. Begiratu daigun apaltasunez gure bihotz barrura, eta ikusi daigun zein egokituak gagozan ingurura, eta zein "geu-ez" garan; hau da: gure barru ona azaleratzen lotsatu-edo, eta inguruak eskatzen deuskun lotsabakokeria ataraten dogu sarritan.
Ebanjelioan aurkitu dogun azpikeriazko galderak geuretzen doguz egoera horretan. Bihozbarritzea Jainkoaren dei lez barik, Elizearen edo abadearen agindu lez hartzen dogu, eta erantzuna, abadeari edo Elizeari euren pekatu eta bihozbarritu beharra aurpegiratzen deutsegu.
Bai, senideok. Garizuma aldi honetako bihozbarritzerako deia, lehenengo ta behin Elizeak berak eta abadeak eta elizaratzen direnek entzuten dabe, eta gogoz hartzen; eta Jainkoari eskertu egiten deutsoe bere parajetasuna sumatzen dabelako, eta dagozan lo-zorrotik izartzen dauzelako. Hortixik luzatzen deutse abadeak, Elizearen izenean, eta, hainbaten, Jainkoaren izenean, Jonas profetearen antzera, bihozbarritzerako deia; ez agindu lez, senideok, itxaropenezko dei salbagarri lez baino.
Bihozbarritzeak zer esan gura dau, orduan? Ez, onagoak izanez eta txarkeria gitxitxoago eginez, Jainkoa lagunagotxoa izango dogula, ez. Bihozbarritzeak Jesusenganatzea esan gura dau; Jesus bilatzea bere bizitzan eta bere berban. Jesusen bizitzan aurkitzea Jainkoaren atsegineko giza bizikerea. Eta, azken baten, Jainkoaren esanetara bizi izatea dogula gizakiok alkartzeko, alkarri parkatzeko eta alkar maitatzeko indarra.
Zerk edo hark elizkizunera behartzen gaituanean, ba, senideok, ez daigun hartu eginbehar eta betebehar astun edo mingots lez, Jainkoagaz aurpegiz-aurpegi beste behin jarteko aukera aprobetxagarri lez baino; eta orduan eskertu egingo dogu aukera hori.
Une honetan, ba, I-ren izenean alkartu garanok bere alde otoitz egiteko, eskertu deioguzan Jainkoari, bizitzearen sortzaile eta burutzaile dogun Jainko errukitsuari, hildako gure senidearen bizitza osoa eta baita alkartzeko euki dogun aukerea; eta eskatu deiogun bihozbarritzerako egin deuskun deiari esku zabalez erantzuteko grazia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario