2007/02/05

URTEAN ZEHARREKO V. ASTELEHENA (I)

Gn 1, 1-19
Mk 6, 53-56

Emiliaren hiletetan

HOMILIA

 

Senideok: ezin dogu ukatu heriotzeak gugan ikutu handia egiten dauana; are gitxiago etxekoren bat hilten jakunean; eta zer esanik ere ez, hilten dana etxeko ama danean. Ha ta guztiz ere, senideok, gure barrua aldatzen doa, eta ez hain astiro; gauza batzuetan, geuk gura izango geuken baino bizkorrago. Esan daiteke, kristautasunak guztiz hartu barik euki gaitula, eta errez-errez goazela beste aldera (ebanjelioetan sarri aurkitzen dogun esaera hau, beste aldea, paganoen aldea da, eta esan behar gure burua ere apurka baino bizkorrago paganotzen doala...).

Heriotzearen inguruan, oraindino behintzat, askok eta askok gure artean Jainkoagana jasoten doguz begiak, adimena, bihotza..., eta ez azalpen eske, erruki eta harrera on eske baino. Zenbat eskertu behar dogun Jesus Nazaretarra, Jainkoaren bihotz errukitsua agertu deuskulako eta bere bizitzan gauzatu daualako.

Ba, senideok, heriotzeak eta, batez ere, gure bizitzea bete da­ua­naren heriotzeak, isiltasunera eta ilunpetara zokoratzen gaituanean, on da burua altxatzea, Jainko errukitsuaren aurpegi harrera onekoa aurkitzea eta hari, atsekabetatik bada ere, gure esker ona agertzea. Bai, senideok, merezi dau. Heriotzeak gure barruan izten dauan hutsunea, ondoeza, atsekabea eta ezjakina ez deuskuz era bat garbituko eta ezabatuko. Ez! Baina une horretan inork ezin emon leigun argitasuna eta laguntza emongo deuskuz. Behar bada, lagunenen ondo-ondoan egoteak ere enbarazu egin leigun une horretan, sinismenean aurkitzen dogun argitasunak eta jainko-laguntzak baretu egin daike atsekabean dagoen gure barrua.

Gaurko irakurgaiek, senideok, lagundu egin leigue horretan. Zelango Jainkoa azaldu deuskun lehenengo irakurgaiak! Zelango Jainko Semea eskeini deuskun ebanjelioak! Sinismena alde batera bota ezkero, barre egiteko lango irakurgaia lehenengoa, eta baita irakurritako ebanjelio txataltxoa ere. Baina, sinismenaren laguntzaz, euretako esangurea bilatzen dauanak zelango poza hartzen dauan!

Jainko sortzailea agertu deusku lehenengo irakurgaiak, senideok. Eta gauza bat azpimarratu dau: Jainkoak sortutako guztia ona dala. Senideok: on hutsez inguratuta gagoz; zer dala-ta zikintzen dogu gure ingurua? Heriotzea ez da dana iluntzen edo zikintzen dauana; berari esker hartzen gaitu-eta Jainkoak bere altzoan. Jainkoa baztertzeak, haren aurpegiko irribarrea ez ikusteak eroaten gaitu ilunpetan ibiltera eta ahozperaka jaustera.

Eraginkorra da Jainkoaren hitza, senideok. Jainkoaren esanak egina dakar beragaz; eta egina ona da Jainkoagan. Ikasi ete geike gure esana zaintzen; eta lortu ete geike esana eta egina bat etorri daitezan gure bizitzan? Bidea, senideok, Jainkoari entzuten ikastea da. Eta hori, senideok, geure esku dago...

Ebanjelioko Jesus beste aldera doa, atseden bila. Baina behartsuak bila jabilkoz; osasun eske joakoz. Eta, begira: pasarte honetan ez jaku esaten Jesusek ezer egiten dauanik; jendearen ustea baino ez jaku emoten: haren jantzi-ertza ikutzea nahikoa dot... —dino gaisoak.

Horixe ez ete jaku falta guri, senideok, atsekabean dagoan gure barrua osatu daiten?

Hauxe bai dala egia, senideok, gura doguna esango dogu baina: Jainko esperientzia izan dauanak poza daroala bere barruan, zoriontasun izpia daroala; eta izpi hori egun baten bete-beteko zorion bihurtuko dala. Jainkoaren esperientziatik aldentzen garan hainean, izpi hori amatatzen joakula, eta gero eta atsekabetuagoak eta latzagoak dirala gure bizitzak eta hartu-emonak...

I.-ren inguruan otoitz egiteko alkartu garenok, senideok, hurreratu gaitezan Jesusengana, bere inguruan jainko-esperientzia egiteko: sortzaile dan Jainkoa aurkituko dogu; guretzat ona besterik gura ez dauana; eta heriotza unean bere altzoan hartzen gaituana, gaur gure senide I. hartzen dauan lez.

 

No hay comentarios: