2007/09/21

2207/09/21 (San Mateo)


Agustinen hiletetan

Ef 4, 1-7.11-13
Sal 18
Mt 9, 9-13

HITZALDIA

      Senideok: ez dira bardinak heriotza guztiak, ezta? Heriotzea heriotzea da. Baina heriotzeak eroaten dauana zaharra edo gaztea izan, etxekoa, maitea, laguna edo arerioa eta gorrotatua izan, ez da bardin, ezta?

Gure egunotan zenbatek esaten dauan behin hil ezkero, beragaz zer egiten daben bardin deutsola! Baina hildakoa bere bizitzaldian maite izan dabenei, bardin ete deutse maitea izan danaren gorpuaz edozer egitea? Ez, ezta?

Kristau sinismen inguru baten jaio gara, eta bizitzako lehenengo egunetan Elizeak, Bateoaren bidez, bere altzoan hartu gaitu. Hantxe, Elizearen altzoan, amaren altzoan lez, izan dogu Jainkoaren maitasunaren barri. Hantxe ikasi dogu Jainkoaren maitasunari erantzuten. Eta hantxe konturatu gara baita gure makaltasunaz eta bihurrikeriaz ere, eta Jainkoaren bihotz maitekorretik sortutako errukiaren eta parkamenaren beharraz ere.

Eta inguru kristau horrek, Elizearen altzoan, badaki azken agurra emoten ere bere seme-alabei. Jesukristoren heriotza-biztuerak barriztatuz egiten dau. Eta hori ospatzeko, alkartu egiten gaitu hitzaren eta ogiaren mahaietatik dastauazoteko.

Gure Eliza Amak, Apostolu eta Ebanjelari zan Mateoren eguna ospatzen dauan egun honetan, eliz-alkarteko hartu-emonek zelangoak izan behar daben gogoratu deusku lehenengo irakurgaian. Eta ebanjelioan, Mateok berak azaldu deusku labur, txukun eta hunkigarri, zelan izan zan bere bihozbarritzea.

Jesusen deiari bat-batean erantzun eutson, ezertarako asti barik, besterik ere pentsatu barik. Bere bizitz aldatzearen ezaugarri otordu bat emon eutsen bere lagun ziranei eta bere bihozbarritzea gauzatu ahal izan eban osagileari.

Bai, senideok. Eliz alkartean entzun geike Jainkoak gure bizitzako une asko eta askotan luzatu leikigun deia: lehenengo bizitza bertan behera itzi, lehengo itsukeriak, diruzalekeriak, handigureak eta abar bertan behera itzi, eta Jesusengan erakusten deuskun bideari jarraitzeko.

Ez gaitu behartuko. Deitu egingo deusku. Baina, ikusi dogu ebanjelioan, batzuk, pekatari eta gorrotagarri izan arren, esker oneko erantzuna emoten deutsoela; beste batzuk, ostera, eta euren burua Jainkoaren zerbitzari dauke askok, eurenean itxita jarraituko dabe.

Agustin zanaren inguruan alkartu garanok, hortxe dogu Jainkoak egiten deuskun deia: bere herriko lez bizi izan  gaitezela eliz alkartean, bere hitzetik eta bere ogiaren mahaitik sortzen diran maitasun, erruki eta Biziaren testigu lez bizi izateko.

Geuk daukagu erantzuna. Emon deiogun Mateok emon eutson bat-bateko erantzuna, horretarako behar dogun laguntza beti izango dogu-ta. Ez jaku damutuko.

 

No hay comentarios: