2007/09/13

Urtean zeharreko 23. asteko eguena



† Cruz Larrabeiti Agirreren hiletetan

 

 

HOMILIA

Kol 3, 12-17
Lk 6, 27-38

 

Senideok: kristau inguru baten bizi garalako gure bizitzako unerik garrantzitsuenak elizan ezaugarritzen doguz: jaiotza bateoaz ezaugarritzen dogu; heriotzea hileta elizkizunaz, eta abar. Gure bizitza Jainkoagazko alkarrizketan egiten dala esan gura dogu horregaz.

Danok dakigu, horraitino, Jainkoagazko hartu-emonak, gure egunotan, nahikoa epelduta edo guztiz hoztuta dagozena, eta noizbehinkakoak baino ez dirala izaten. Horrexegaitik behar bada Jainkoagazko hartu-emonetan atseginik, edo gitxiago, poztasunik ez hartzea.

Begira: Kruz Larrabeiti Agirre zanaren inguruan alkartu gara, eta Jainkoagaz hartu-emonetan sartzeko aukerea daukagu. Paulo Apostoluak bere irakatsian berba bat luzatu deusku: Jainkoak zelango bizikera itxaroten dauan gugandik. Berak holan zehaztu dau: Jainkoaren seme-alaba askatuen bizikerea. Hau da: grina txar eta jokera zikinetatik alde egiten eta Jainkoaren izena goraltzen dabenena.

Eta ebanjelioan Jesusek sakondu egin dau —halan esan badaiteke— bizikera horren inguruan: Jainkoak gugandik itxaroten dauana bere antzekoak izan gaitezela dala. Aita on batek bere seme-alabengandik ez dau besterik itxaroten. Eta honen oinarria errukia da.

Gaur egun, senideok, Jainkoagazko hartu-emonak alde batera baztertuta daukaguz gehien baten, eta geure usteetara bihurtu doguz Aita on batengandik jatorkuzan eskakizunak; horrela, danok haren esanetara barik, bakotxa bere kabuz eta atseginen jokora gabiz. Eta txarrena!: holantxe jokatu behar dala uste dogu, bestela iruntzi egingo gaituela-ta.

Ba, gure sinismenetik besterik entzungo dogu. Sarri baino sarriago, gehienetan, ingurukoak bizi ez diran erara bizi izan behar izango dogula. Eta, nondik atara horretarako behar dan indarra, adorea, argitasuna eta gogoa? Zalantza barik: otoitzetik. Hau da: Jainkoagazko hartu-emonetik; liturgiatik; Jainko Aita alkarregaz gorestetik...

Gauza guztiok egitean, senideok, Jainkoak maite-maite gaitula sumatzetik.

Hementxe dago, senideok, gakoa: Jainkoaren maitasuna geure barru-barruan sentitzean. Izan daitela gure bizikerea maitasun horri erantzutea, eta hildako gure senideak Jainkoaren maitasunaren osotasunean sartuta ikusi daiguzala.

 

No hay comentarios: