Bizentaren HILETETAN
ApEg 5, 34-42
Jn 6, 1-15
Senideok: gizaki lez daukagun eginbehar bat hildakoei lur emotea da. Bere bizitzaldian, gaur gorpu dogun Bizenta lez, maitea izan bada, senideduna eta lagunduna, aparteko eraz egiten da lur emote hori. Horrezaz gain, sinismendun lez agertu gura badogu bizitzaldi honetatik urtetea, gure hildakoa Jainkoaren errukiaren altzoan izten dogu; bere gorpuaren inguruan otoitz-giroan alkartzen gara, Jesukristorengan Jainkoak egin dauana, biztuerea, gogoratzen eta autortzen dogu, eta hildakoagaz bat eginez, Jainkoari errukia eskatzen deutsogu, hildako gure senidearentzako biztuera-bizitzea, eta haren inguruan otoitzerako alkartu garenontzako gure sinismenaren indartzea.
Ez da egia, senideok, aldiotan gure sinismen bizitza, Jainkoagazko hartu-emonak, apur bat baino gehiago daukaguzela baztertuta, edo hotzituta dagozela? Ez hori bakarrik: modernotzat daukagu Elizea iraintzea, Jainkoaren izena eta gauza sakratuak zikintzea, edo,epelenean, alkar bizitzatik asagotuz, bakotxak bere bizimodua egitea.
Aukera on bat daukagu, senideok, I.-ren inguruan sinismen ekintza baterako alkartu garenok, Jainkoaren berbea entzun eta hari erantzuteko bideak urratzeko. Hurreratu gaitezan, ba, iragarritako berbara.
Lehenengo irakurgaian, Jesusen ikasle zirenen eginbeharra aurkitu dogu: Jesus iragartea da eginkizun hori, Jainkoak harengan egin dauanaren barri emotea (biztuerearen barri, hain zuzen); eta hori dala-ta, erlijio-agintarien zigorra jasaten ikusten doguz.
Jainkoaren izenean itsutu egin geintekezela irakasten jaku. Jesusek zabaltzen deuskuzala begiak eta bihotza, bizia besteen alde emoteraino garoazelako. Eta hori aurkitu dabenek ez dabe atzera egiten: zigor guztiak eta heriotza bera ere onartzeko gauza izango dira.
Zelango Jesus eta zelango jendea aurkitu dogu ebanjelioan?
Jesus arduratuta dago bere inguruan batu dan jendetzagaz: Non erosi geike guzti honeentzako ogia? Ikasleek ez dala euren ardurea agertzen dabe. Eta argi geratzen da, txikienaren gogo onagaz nahikoa izaten dala, eta umetxo baten ogi-arrainekaz konpontzen dira. Jendearen erantzuna, ezaugarri ha ikusita, Jesus euren buruzagi bihurtu gura izatea da. Jesusek bere burua baztertu egingo dau bakardadeko otoitzera.
Jesusen bakardade horretatik aztertu behar dogu, senideok, jendearen jokabidea edo guraria, geurea, hain zuzen.
Noiz joten dogu Jainkoagana? Gauzak gatx ikusten doguzanean; geuk geurez urtenbiderik ikusten ez dogunean. Eta ez da hori Jesusek iragarri gura deuskun Jainkoa, beste hauxe baino: umetxoaren apaltasunetik gure ezereza Jainkoaren esku jarten ikasten badogu (hauxe da ogi-arrainen gain bedeinkapen otoitza egitea), danontzako lain daukagula ikusiko dogu.
Lehenengo irakurgaiak gure eginkizuna gogoratzen deusku, ba, senideok: Jesusen barri emotea, haren Espirituari gure barruan bultza egiten itziz. Eta ebanjelioak Jesusen ikasleen mahai inguruak daukan garrantzia. Eukaristian, senideok, Jainkoaren berbeak argitzen gaitu, gure eguneroko bizitzan senidetasuna gauzatu ahal izan daigun, eta bakotxak bere bizia besteen alde emon ahal izateko. Holango bizia, besteen alde emon dan bizia, ez da alperrik galtzen: Jainkoak bere altzoan hartzen dau, bere Seme Jesusena hartu eban lez.
Eskatu daigun, ba, gure senide I.-ren bizitza osoa hartu daiala, eta gu bere Semearen mahai ingurura hurreratu gaizala, bere berbeaz eta ogiaz janarituz alkarregaz senideago izan gaitezan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario