2007/04/26

PAZKOALDIKO 3. EGUENA

I-ren hiletetan


1Ko 2, 1-10
Sal 118
Mt 5, 13-16

 

Senideok: aukera asko ete doguz gure eguneroko bizitzan zehar Jainkoaren nahia ezagutzeko, haren deiak entzuteko, bizia Jainkoarena dala autortzeko...? Sinistuntzat daukagu geure burua, baina sinistun izate hori ez dogu gauzatzen gure eguneroko joan-etorrian Jainkoaren nahia bilatzean. Geure kabuz bizi gara, ziztu bizian, eta ez daukagu Jainkoagaz egoteko edo hizketalditxo bat egiteko astirik...

Onartuko geuke bere amagana sekula hurreratzen ez dan seme batengan, maite dauala ama berak esatea? Ez ete dauz emoten, maite dauanak, maitasun-erakutsiak, eta, hainbatetan, gatx egiten bajako ere?

Zenbat aldatu garan honetan, senideok! Jakintzat emoten dogu maite dogula Jainkoa. Baina gure bizitzak beste hauxe dino: Jainkoa alperreko gauzatzat bota dogula bazterrera, eta haren esanetara barik, geure usteetan bizi garala, edo inguruaren esanetara.

Bide horretatik ezin sartu geintekez bizitzak aurkezten deuskuzan misterioetan: zer da gure bizitza Jainko barik? Zer gertatzen da heriotzan? Bizitzaldia atsegina bilatzeko baino ez da, euretan lehertzeko? Zer esan gure artean dagoen txarkeriaz, hondamenaz, heriotzeaz? Merezi dau bizitzaldia besteen zerbitzuan emoteak?

Heriotza baten inguruan alkartzen garanean, senideok, gaur I.-ren inguruan alkartu garan lez, Jainkoaren deia entzuteko eta bizitzako misteriora, galderetara, hurreratzeko aukerea daukagu, ziztu biziko gure joan-etorrian geldiunetxo bat, eten alditxo bat, egiten dogulako. Ez daigun alperrik galdu gure usteetan zarratuz; zabaldu deiogun adimena Jainkoaren jakituriari, bere iturrietan edateko (horixe egin eban gaur Elizeak omentzen dauan Isidoro santuak).

Begira zer esan jakun, san Pauloren ahotik lehenengo irakurgaian, eta Jesusenetik ebanjelioan:

     —Jainkoaren jakituria, maitasunezkoa dalako, ez datorrela handikeriaz, agintzen eta zapaltzen eta besteok bere zerbitzuan jarten, apaltasunez baino, kurutzean josita baino, apaltasun eta zerbitzu bidea erakusten baino. Ez zaitu konbentzituko: ez dator horretara. Zeuk egin zeikeo harrerea, edo onartu zeike, merezi dauala uste badozu. Eta badakigu ze estimazino txikia emoten deutsogun jakituria horri!

     —Jainkoak gu, bere berbea entzuten dogunok, mundu honentzako gatz eta argi gura gaitu. Gatz eta argi izatean aurkituko dogu bizitzaldiko zentzua, eta Jainkoaren nahia betetea, eta gure zoriona...

Senideok: «eskatu, emon egingo jatzu-ta» txarto ulertu dogunok, geuk uste genduana eskatu eta lortu ez dogunean, baztertu egin dogu emoilea: Jainkoa. Ez ete da hobe eskatzen jakitea? Harek bere jakituriatik emongo deusku, gure inguruko gatz eta argi izan gaitezan, amaren poz eta maitale, senideen zerbitzari, kurutzeko jakituriaz...

Hildako gure senide I.-rentzako errukia eta bere ondoan betiko bizitza Jainkoari eskatzean, egin deiogun geuretzat ere beste eskari hau: bere jakituriaz jantzi gaizala; eta horrek esker oneko agertuazoko gaitu hildako gure senide I.-gaz, otoitzerako, Jainkoagazko hartu emonetarako, aukerea izan dogulako.

 

No hay comentarios: