2007/04/20

PAZKOALDIKO 2. ASTELEHENA

I-ren HILETETAN

  

Ap Eg 4, 23-31
Jn 3, 1-8

 

Senideok:  hasi barri dogu Pazkoaldia, eta denbora luze batez hiletarik egin barik egon garen arren, bat-batean badaroaguz hiru hileta, eta, zelan diran gauzak!, hirurok izan dira 65 urte bete bakoenak.

Zer esan gura dauan honek nik ez dakit. Baina danok uste dogu, batez ere adinean aurrera goazenok, bizitzeak gehiago iraun behar izango leukela. Hau da: 65 urte barik hiltea gazterik  hiltea dala. Egoera honek, senideok, jota izten gaitu, isilpera bialtzen gaitu; edo, sinistun lez jokatuz, galdezka jarten gaitu: zer da bizitza?, zertarako bizi gara?, Jainkoak zer gura dau gutaz?, zelan bete behar izango geukez gure bizitzako egunak? Hau da: bizi izan daiteke Jainkoagana begira, edo Jainkoaz kezkatu barik... Zelan bizi izan gura dogu guk?

Behar bada, Jainkoagana begira bizi izan gura dogula esango dogu. Eta gazterik, edo zahartzarora heldu barik, hilteak zer esan gura dauan galdetuko geuskio. Baina eliz alkartean Jainkoaren berbea entzun eta Eukaristia ospatzeko alkartzen garenean, beste gauza batzuk hartzen doguz kontutan: Jainkoa bera dala bizitzearen hasierea, amaierea eta jaun eta jabea; berari dagokiola bizitzeari neurriak eta mugak ezartea; eta hori jakitera eta onartzera heltzen danari bizitzaldi epea eskertzea, eta haretan Jainkoa goratzea dagokiola.

Zertarako dogu bizitza? Urte asko bizi izateko? Gauza asko eta handiak egiteko? Izen handia edo ondasuntegi handia lortzeko? Behar bada, esandako gauza guztiok egin daitekez. Baina zerk beteten dau, benetan bete, gure bizitzea?

Jesus aurkitu dauanak hauxe esango deusku: Jainkoak maite nauan lez nik besteak maitatzeak. Jesukristorengan sinisten dauanaren bizitz-neurria maitasuna izango da eta ez jakintza, edo ondasunak edo lortutako atsegin-mailea..., maitasuna baino. Eta, senideok, ez edozelango maitasuna, Jainkoak bere seme-alaboi deuskun maitasun mailea baino.

Ebanjelioan Jesusek barriro jaio behar dogula esan deusku. Hau da: Espiritutik jaio beharra daukagula. Jainko-maitasun horrek, ba, senideok, ez dau berez urteten gure barrutik; Jainkoak egiten deuskun eskeintza horri geuk, askatasunez, erantzun behar deutsogu. Eta horretarako autorleak behar doguz, testiguak, Jainkoaren maitasun horren barri emongo deuskuenak.

Horixe aurkitu dogu lehenengo irakurgaian: Pedro eta Joan apostoluek Jainkoaren maitasunaren barri emon dabe gaiso bat Jesusen izenean osatu ondoren eliz agintarien aurrean Jesusen barri emonez, eta Legearen esaneko baino arinago Jainkoaren esaneko izan behar dala autortuz.

Apostoluek Jesus jaunaren esanak, eginak eta bizitza ondo ezagutzen eben, eta haregaz bat egin ziran. Hasiera baten gatx egiten jaken arren, gero eta bulartsuago dihardue Jesusen barri emoten. Esan geike, barriro jaiota dagozela, eta Berbiztuaren Espirituak daroazela hartutako guztiaren barri emotera.

Guk, senideok, zenbat hartu dogun Jainkoagandik!..., eta zenbat hartzen dogun, egunero!, une baten edo bestean atsekaberen batek joten gaituan arren... Ba ete dakigu Jainko poztasun eta jainko-maitasunaren autorle, edo testigu, izaten? Jaio eta gara Espiritutik?

Kontuz! Espiritutik barriro jaioteak ez dau esan gura ezelango minik hartuko ez dogunik, edo gure bizitzaldian atsekaberik agertuko ez danik; beste hauxe baino: bizitza osoa, Jainkoak berak emoten deuskuzan egunak, asko edo gitxi izan, maitasunaren, berak guri deuskun maitasunaren autorle (edo testigu) izango garala baino.

Gitxi ete deritzogu? Pazko aldi honetan Jainkoaren maitasunaren barri izatea emoten jaku, ez daigun aukera hori alperrik galdu. Aprobetxatu daigun horretarako holango uneak, atsekabe-uneak izan arren. Eta eskatu daigun, hildako gure senidearentzat zorion betea eskatzen dogun une berean, gu, berak gura dauan artean, maitasun horren barri emoile izan gaitezala, pazko pozean.

 

No hay comentarios: